- Nola bizitu duzu etapa bakoitza?
- Zer zen garrantzitsua ikastea?
- Nolakoa zen ikasle taldea?
- Nolakorak ziren irakasleak? Zein funtzio zuten?
- Nola ebaluatzen zen?
HAUR HEZKUNTZA
Haur Hezkuntzarekin eman nion
hasiera nire ibilbide akademikoari, izan ere, ordurarteko hezkuntza etxean jaso
nuen. Etapa honetan, dibertsioa eta mugimendua zen nagusi. Jolastea, abestea,
dantza egitea, ipuinak entzutea, marrazkiak egitea… ziren gure eginbeharrak.
Garrantzitsuena sozializazioa (harremanak), autonomia lortzea eta idazteko eta
irakurtzeko jakin-mina piztea zen eta norbanako bakoitzaren prozesua ebaluatzen
zuten. Irakasleak nahiko hurbilak zirela oroitzen dut, afektiboak.
LEHEN HEZKUNTZA
Etapa honetan garrantzi
handia zuten zenbaki eta letrekin jardun ginen buru-belarri. Hizkuntzei eta
matematikari ematen zitzaion garrantzia. Ezin ahaztu deskantsatzen usten ez
genituen batuketa, kenketa, biderketa eta zatiketak. Gure lagunak eta batzuetan
ez hain lagunak bihurtu ziren. Azken zikloan diktaketek ere protagonismoa hartu
zuten. Etapa honetan zehar, etxeko-lanak areagotzen joan ziren eta baita
azterketak ere. Hala ere, klaseko lana eta jarrera ziren gehien baloratzen
zirenak. 20 ikasle ginen eta bai gure artean eta bai irakasleekin genuen
hartu-emana nahiko ona genuela oroitzen dut. Inoiz izan dudan irakaslerik onena
etapa honetan izan nuen, matematika eta gorputz hezkuntzako irakaslea zen.
Klaseak segituan pasatzen zitzaizkidan berarekin, dena oso argi azaltzen zuen
gertuko adibideak jarriz ahal zuen guztietan. Honez gain, oso hurbila, alaia
eta umoretsua zen. Konfiantza transmititzen zuen irakasle hark.
DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZA
Lehen Hezkuntzan izan nituen gelakideekin batera beste
eraikinera egin nuen salto, DBH-ko eraikuntzara alegia. Ikastola osotik, gure
generazioa zen ikasle kopuru txikienekoa eta ondorioz gela bakarra ginen HH-tik
derrigorrezko azken etaparaino. Hori zela eta, klasean gelakideon artean giro
ona genuen, guztiak ezagutzen ginen, jada, denbora asko baikeraman elkarrekin.
Irakasleekin hika-mikak sarriago izaten genituen, izan ere, nahiko gela
aztoratua ginen. Fase honetara pasatzean dezenteko saltoa nabaritu nuen, ia
egunero genituen etxeko-lanak. Irakasleak etxerako-lanen kontu honekin nahiko
zorrotzak ziren eta erabat kontrolatzen gintuzten. Eguneroko lanari garrantzi
handia ematen zieten baina azterketek ere pisu handia zuten. Ebaluaketa
bakoitzaren amaiera, ebaluazio-astea izaten genuen eta normalean azterketa
horiek gainditu behar ziren ebaluazioan zehar landutako apunteei deskantsua
eman ahal izateko. Etapa polita izan zen bai akademikoki eta baita sozialki
ere.
BATXILERGOA
Betiko Orioko ikastola utzi eta
Zarautzeko Oteitza Lizeo Politeknikoan hasi nintzen Batxilergoa (zientifikoa)
egiten. Nire ohiko gelakideez gain, lagun berri pila egin nituen, izan ere gela
bat izatetik bost izatera pasa ginen. Sekulako nobedadea. Akademikoki ere alde
handi samarra sumatu nuen bai eduki kantitate eta hauen zailtasunei
dagokienean. Ikastetxetik kanpo, denbora dezente eskaini behar izaten nion
ikasgai bakoitzari, batez ere matematika eta fisika-kimikari. Bigarrengo mailan
hasi bezain pronto, irakasleak “selektibitate” hitzarekin gora eta behera hasi
ziren. Sekulako garrantzia ematen zieten froga “madarikatu” honi. Azkenean,
astuna egiten zen egunero berdina entzun beharra. Hitz honek presio handia
sortzen zuen nire barnean, alde batetik, bi urte jokatzen genituelako eta
bestalde, ez bainuen ideia zipitzik gradua aukeratzerako garaian.
Irakasleek ez gintuzten horrenbeste kontrolatzen, gu geu
ginen gure lanaren protagonista eta erantzule bakarrak nolabait esateko.
Azterketetan jokatzen genuen ikasgaia gainditu ala ez gainditzea, notaren ia
zati osoa hartzen baitzuten (kasu batzuetan osoa). Gelaren antolamenduari
dagokionez, nahiko konpetitiboa zen eta honen ondorioz taldeka lan egitearen
kontzeptua nahiko baztertuta geratzen zen.
Azkenean amaitu ziren 2 urte motz baina guztiz intentsuak. Pasatako ordu
estresagarri eta gogaikarri guztiek bere fruitua eman zuten, dena ondo irten
zitzaidan eta azkenean Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan onartu
ninduten.
No hay comentarios:
Publicar un comentario