jueves, 10 de mayo de 2012


LORAZAINA!

Didaktikako moodle-ko bideo labur hau asko gustatu zait. Laburra baina bizia!

Ikasgela batean aniztasuna dago, bai fisikoki, bai izaeraz, bai arrazari dagokionez baina baita akademikoki ere.  Beti daude ikasle azkarrak, hain azkarrak ez direnak eta arazoren bat dutenak. Lehenengo biekin ez dago arazo akademikorik bana bai hirugarrenekin. Eta hauekin zer egin? Zuzenean laguntza-gelara bidali irakasle berezi batekin elkarreraginean? Ez dut uste hau irtenbiderik egokiena denik. Zuri zer iruditzen?

Gaur egun azkarregi bidaltzen dira zailtasunak dituzten haur hauek espezialistengana. Lehenengo gelan bertan saiatu beharra dagoela uste dut, egoera konplikatzen bada, orduan da laguntza eskatzeko ordua.

Modu honetara, gainontzeko ikasleengandik bereizten da haurra. Egia da ezingo duela besteen erritmoa jarraitu baina honi arreta gehiago jarri eta denbora gehiago eskaintzea ez al da irakaslearen zereginen parte?  Nire iritziz irakasleak ikasleen ikaskuntza-erritmoak identifikatu eta horren aurrean erantzuten jakin behar du. Honez gain, irakasleak ez du laguntza eman behar duen pertsona bakarra izan behar, gainontzeko ikasleek ere momenturen batean irakasle papera har dezakete eta elkarren artean lagundu. KOOPERATIBISMOA BULTZA DEZAGUN ETA LORAZAINAK IZAN GAITEZEN! ANIZTASUNA EKARPEN ABERASGARRI ETA POSITBO GISA BALIOETS DAITEKE! ERABIL DITZAGUN ONGARRI EZBERDINAK, BAKOITZAREN ERRITMORA EGOKITUZ!


IKASTEKO BEHAR DITUDAN BALDINTZAK.


Ikasterako orduan, gainontzeko jardueretan bezala bakoitzak bere modurik egokienak aurkitu behar ditu. Puntu hauek aurkituz gero, askoz er aginkorragoa izango baita ikaskuntza-prozesua.  

Nik bakardadea behar dut ikasteko, hau da, beste pertsonekin egonez gero denbora galtzen dut eta ez dut askorik aurreratzen. Hau ordea buruz ikasi behar diren ikasgaiekin gertatzen zait. Praktikoagoak diren gaiekin aldiz, bakarkako lana egiteaz gain, gainontzeko lagun edo ikaskideekin ere gustuko dut ikastea, zalantzak argitzeko modu egokiagoa baita.

Ez naiz liburutegian ikasten duen horietakoa. Ezin dut liburutegian ikasi. Ikasterako orduan mugitu egin behar dut, ezinezkoa zait aulkian eta apunteak mahai gainean ditudala ikastea. Asko agobiatzen naiz. Are gehiago, urteak dira ez naizela nire gelako aulkian eseri ikasteko!

Normalean etxeko sofan etzaten nahiz apunteak eskuetan ditudala eta ordu laurden inguru pasatzen denean alde batera eta bestera mugitzen hasten naiz: sukaldeko mahira orain, salako mahaira ondoren…  baina inoiz ez naiz lo-geletako aulkietan esertzen! Horrela esanda, badirudi mamuak ditudala gelan! Ez dakit gelan ezin ikastearen zergaitia zein den… esperimentatu egin beharko dut!  

Honez gain, barneratutakoa ahoz eta ispiluaren aurrean esatea ez dut batere gustuko. Buruan errepasatzen dut guztia, isilpean. Gauean ikasten dut errazen eta ondoen. Burua nekatuen dagoen momentuan (hori esaten dute).  Bai, egia esan nahiko bitxia da baina nahiko gau-txoria naiz eta gauetan izaten dut ikasteko kontzentrazio mailarik altuena (leher eginda ez banago behintzat). Ordu txikiak arte ikasten geratzea ez zait axola, bai ordea goizeko 6rak aldera errepasatzera jaikitzera. Nahiago izaten dut berandurarte geratu eta dena ongi barneratu, goizean esnatu baino. Gainera ez izaten dut lasai lo egin. Gaua dut lagun ikasteko! 

miércoles, 9 de mayo de 2012

NIRE HEZKUNTZA IBILBIDEA.


- Nola bizitu duzu etapa bakoitza?
- Zer zen garrantzitsua ikastea?
- Nolakoa zen ikasle taldea?
- Nolakorak ziren irakasleak? Zein funtzio zuten?
- Nola ebaluatzen zen?






HAUR HEZKUNTZA

Haur Hezkuntzarekin eman nion hasiera nire ibilbide akademikoari, izan ere, ordurarteko hezkuntza etxean jaso nuen. Etapa honetan, dibertsioa eta mugimendua zen nagusi. Jolastea, abestea, dantza egitea, ipuinak entzutea, marrazkiak egitea… ziren gure eginbeharrak. Garrantzitsuena sozializazioa (harremanak), autonomia lortzea eta idazteko eta irakurtzeko jakin-mina piztea zen eta norbanako bakoitzaren prozesua ebaluatzen zuten. Irakasleak nahiko hurbilak zirela oroitzen dut, afektiboak. 


LEHEN HEZKUNTZA

Etapa honetan garrantzi handia zuten zenbaki eta letrekin jardun ginen buru-belarri. Hizkuntzei eta matematikari ematen zitzaion garrantzia. Ezin ahaztu deskantsatzen usten ez genituen batuketa, kenketa, biderketa eta zatiketak. Gure lagunak eta batzuetan ez hain lagunak bihurtu ziren. Azken zikloan diktaketek ere protagonismoa hartu zuten. Etapa honetan zehar, etxeko-lanak areagotzen joan ziren eta baita azterketak ere. Hala ere, klaseko lana eta jarrera ziren gehien baloratzen zirenak. 20 ikasle ginen eta bai gure artean eta bai irakasleekin genuen hartu-emana nahiko ona genuela oroitzen dut. Inoiz izan dudan irakaslerik onena etapa honetan izan nuen, matematika eta gorputz hezkuntzako irakaslea zen. Klaseak segituan pasatzen zitzaizkidan berarekin, dena oso argi azaltzen zuen gertuko adibideak jarriz ahal zuen guztietan. Honez gain, oso hurbila, alaia eta umoretsua zen. Konfiantza transmititzen zuen irakasle hark.


DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZA

Lehen Hezkuntzan izan nituen gelakideekin batera beste eraikinera egin nuen salto, DBH-ko eraikuntzara alegia. Ikastola osotik, gure generazioa zen ikasle kopuru txikienekoa eta ondorioz gela bakarra ginen HH-tik derrigorrezko azken etaparaino. Hori zela eta, klasean gelakideon artean giro ona genuen, guztiak ezagutzen ginen, jada, denbora asko baikeraman elkarrekin. Irakasleekin hika-mikak sarriago izaten genituen, izan ere, nahiko gela aztoratua ginen. Fase honetara pasatzean dezenteko saltoa nabaritu nuen, ia egunero genituen etxeko-lanak. Irakasleak etxerako-lanen kontu honekin nahiko zorrotzak ziren eta erabat kontrolatzen gintuzten. Eguneroko lanari garrantzi handia ematen zieten baina azterketek ere pisu handia zuten. Ebaluaketa bakoitzaren amaiera, ebaluazio-astea izaten genuen eta normalean azterketa horiek gainditu behar ziren ebaluazioan zehar landutako apunteei deskantsua eman ahal izateko. Etapa polita izan zen bai akademikoki eta baita sozialki ere.


BATXILERGOA

Betiko Orioko ikastola utzi eta Zarautzeko Oteitza Lizeo Politeknikoan hasi nintzen Batxilergoa (zientifikoa) egiten. Nire ohiko gelakideez gain, lagun berri pila egin nituen, izan ere gela bat izatetik bost izatera pasa ginen. Sekulako nobedadea. Akademikoki ere alde handi samarra sumatu nuen bai eduki kantitate eta hauen zailtasunei dagokienean. Ikastetxetik kanpo, denbora dezente eskaini behar izaten nion ikasgai bakoitzari, batez ere matematika eta fisika-kimikari. Bigarrengo mailan hasi bezain pronto, irakasleak “selektibitate” hitzarekin gora eta behera hasi ziren. Sekulako garrantzia ematen zieten froga “madarikatu” honi. Azkenean, astuna egiten zen egunero berdina entzun beharra. Hitz honek presio handia sortzen zuen nire barnean, alde batetik, bi urte jokatzen genituelako eta bestalde, ez bainuen ideia zipitzik gradua aukeratzerako garaian.
Irakasleek ez gintuzten horrenbeste kontrolatzen, gu geu ginen gure lanaren protagonista eta erantzule bakarrak nolabait esateko. Azterketetan jokatzen genuen ikasgaia gainditu ala ez gainditzea, notaren ia zati osoa hartzen baitzuten (kasu batzuetan osoa). Gelaren antolamenduari dagokionez, nahiko konpetitiboa zen eta honen ondorioz taldeka lan egitearen kontzeptua nahiko baztertuta geratzen zen.  Azkenean amaitu ziren 2 urte motz baina guztiz intentsuak. Pasatako ordu estresagarri eta gogaikarri guztiek bere fruitua eman zuten, dena ondo irten zitzaidan eta azkenean Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan onartu ninduten.






NEUTRALIDAD Y BELIGERANCIA


Hezkuntzan eta irakaskuntzan neutralak izan gaitezke?

Bai. Hezkuntza eta irakaskuntzan neutralak izan gaitezke. Are gehiago, guztiz komenigarria ikusten dut irakasleak puntu baterarte neutraltasunez jokatzea. Egoera baten aurrean irakasleak ezin du alde bateko  zein besteko jarrera agertu, modu honetara, irakaslearen iritzi ezberdinak dituzten ikasleek pentsamendu okerra dutela pentsatuko baitute. Hau da, irakaslea posizionatzeak ikasleentzako iritzi eta pentsamendu askatasuna murriztu dezakeela uste dut.

Hala eta guztiz ere, posible al da neutraltasun hau ezinezkoa da prozesu guztian zehar mantentzea? Nik ezezkoan nago, izan ere, irakaslearen lana alde batetik edukiak eta kontzeptuak helaraztea da baita ikasleak herritar eta pertsona bezala heztea ere. Eta, hau egin al daiteke neutraltasun osoz? Argi dago ikasgai batzuetan, matematikan esaterako, irakasleak jarrera neutroa agertuko duela, bai Asian eta bai Europan matematika berdina baita. Baina badaude beste hainbat eta hainbat gai non ikasleak jarrera baten edo bestearen alde bultzatu behar diren. Gai horien artean, ekologia, giza eskubideak… sar daitezke. Hauen aurrean, gizartean onartuta dagoen biderantz bideratu behar dira (ingurugiroa zaintzera, bazterkeriak baztertzera…) ikasleak. Horretarako, irakasleak inpartzialtasuna gainditu behar duela uste dut.


Zein da neutralitate eta objetibitatearen arteko desberdintasuna?

                Galdera hau ez da erantzun sinple edo errazekoa, ezta buruari  pare bat bira erantzuteko modukoa ere. Oso zaila egiten zait bi kontzeptu hauen arteko bereizketa egitea baina tira, hona hemen nire ikuspuntua:

                Neultralitatea gai baten inguruan iritzirik ez ematearekin erlazionatzen dut gehienbat. Hau da, inongo jarreren defentsarik ez egitea.

                Objetibitatea ere posizionamentuari uko egitearekin erlazionatuta dago. Kasu honetan gauzak diren bezala azalduko ditu, hau da, gai baten inguruan frogatua eta onartua  dagoenaz informatuko ditu ikasleak. Beraz,  bide hori hartuko du baina bere iritzia eman gabe. 

martes, 8 de mayo de 2012


GIZARTERATZEA-KULTURA-HEZKUNTZA.

3 kontzeptu hauek guztiz ezinbestekoak dira pertsona guztien garapenerako. Beren artean hertsiki lotuta daude eta baten bat faltaz gero, garapen hori ez da egokia izango.

Lehenik eta behin gizarteratzeari emango genioke garrantzia, izan ere, haurrak lehen gizarteratzea ez badu egiten, jada oso zaila izango da kultura eta hezkuntza jasotzea. Gizarteratzearekin, jaiotzen garen momentutik talde bateko partaide izango gara. Hasierako prozesu hau gehienbat guraso eta familiako kideei esker ematen da. Hortaz, gure ustez, gizarteratu gabe ezin da kultura baten parte izan. Kultura izango litzateke hurrengo pausua, kulturaren araberakoa izango baita hezkuntza.

miércoles, 21 de marzo de 2012



HEZKUNTZA EREMUAK. 
ZEIN EREMUTAN ARITUKO NAIZ?

         Hezkuntza-formala, ez-formala eta informala hezkuntza munduan bereiz ditzakegun 3 eremu dira. Hezkuntza formala, normalean zentro akademiko batek eskaintzen du eta prozesu honen amaierako fuitua, titulazio bat da. Ez-formalaren kasuan aldiz, erakunde baten zati izan arren, ez dago titulaziorik. Hezkuntza informala, ingurugiroari esker barneratzen duguna da, familiarekin, lagunekin, komunikabideei esker... hain zuzen ere.

       Hezkuntza informala eguneroko bizitzan uneoro presente daukagunez, ezin uko egin hemen aritzeari. Baina hemendik urte batzuetara irakasle izan nahi dudan aldetik eta hau zentro baten barnean egingo dudanez, neure burua hezkuntza-formalaren barnean ikusten dut batez ere. Hala ere, hezkuntza-formala eta ez-formalak etengabe elkarlanean jardun behar duela iruditzen zait, bata bestearen osagarri baitira. Hezkuntza-formalak ez du huts-hutsean balio, izan ere, titulazio soila ez da gizakiaren trebetasun errealen isla. Beraz, bi eremu hauek ezagutu eta konbinatuz praktikara eramatea oso interesgarri eta eraginkorra izango litzateke.